Istorio triste baina ederra, Louisek lehenengo pertsonan kontatzen diguna komiki honetan. Bizitzari buruzko istorio hunkigarria da, hasieratik aurre ikusten dugun arren bukaera tristea izango dela.
Istorioko protagonista Louis da. Frantzian Jesuiten umezurztegi batean bizi da. Lodikotea denez eta betaurrekoak behar dituenez, ez du inork adoptatu nahi. Gainera bere kideen burlen eta bromen jomuga da beti. Eta inork ez du ezer egiten bere egoera alda dadin, ez jesuitek, ez bere kideek, ezta ingurukoek ere. Bizitzaren aurrean bakarrik dago. Baina egun batean bizipoza ekarriko dion zerbait gertatzen da. Zirkua herrira etortzen da, eta harekin Clara, elefante zaintzailea. Lagun minak egingo dira, eta denborarekin beren artekoa maitasun bihurtuko da. Clararen bidez Louisek mundua ezagutuko du, eta baita zoriona ere. Ezkondu egingo dira eta Louisek umezurztegian aurkituko du lana. Baina bizitza ez da beti gozoa, eta gutxien espero dutenean ustekabe latza jasoko dute.